José María Martín Carpena (1950-2000)J. Martín Carpena

JOSÉ MARÍA hegoaldean jaio zen, bere familia guztia bezala, Malagako hirian, 1950eko apirilaren hemeretzian. Lurralde hori oso hunkigarria da niretzako, Malagakoa ez izan arren, kale horietan bizi delako eta bizi izan zelako bizitza honetan gehien maitatu dudan hori. Ni Galizian jaio nintzen 1949an, nire aita guardia zibil moduan lan egiten zuen lekua. Oso txikia nintzenean (oraindik ez nituen lau urteak bete) aita lekualdatu zuten eta denak Mediterraneoaren gerizpera etorri ginen.
José María familia xume batetik zetorren, ni bezala. Bere aita RENFEko langilea zen eta enpresa horretan igaro zuen bizitza osoa urte mordoaz lan gogorra egin ondoren erretiroa hartu zuen arte. Euren betiko etxean ezagutu nituen, Gamarra auzoan kokaturiko etxe apala, La Purísima elizatik oso hurbil, hiriaren iparraldean. Lehenengo momentutik erakarri ninduen familia horren izaerak; nabaria zen José María eta bere anaia Ángeli gurasoetatik zetorkiela bihotz ona.
José María El Buen Pastor eskolan hasi zen ikasten, bere etxetik oso hurbil, eta han egon zen emaitza onekin oinarrizko batxilergoa amaitu zuen arte. Goi-mailako batxilergorako ikastetxez aldatu eta Virgen de la Victoria-ko institutuan izena eman zuen. Aldi berean, goizean ordenantza bezala lan egiten zuen Itsasoko Gizarte Institutuan, orduan Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren menpeko erakundea zena. Zegozkion oposizioak gainditu ondoren lortu zuen ordenantza lanpostu hori. Urte horietan ohikoa zen familia xumeetako gazteak laster ernatzea eta José Maríak, zentsu horretan, jarrera ezin hobea izan zuen. Inoiz ez zuen bere bizitzaz kexarik izan eta lan kaxkarrak egin behar izan zituenean ere ez zituen eraztunak galdu. Oso arduratsua izan zen eta harro zegoen bere familia-ekonomiarentzako zama ez izateagatik. Beti burua gora begiratu zion bizitzari.
Zaletasun ugari zituen eta horietatik aski seguru musika izan zen bere lehenengo gaztaroan denbora gehien kendu ziona. Hiru lagun onekin talde bat osatu eta Los Amables deitu zuten, formazioaren izaera leialki islatuz. Berak gitarra akustikoa jotzen zuen eta hainbat abestitan ere ahotsa jartzen zuen. Nik askoz beranduago ezagutu nuen, ahalegin guztiak lanean jartzeko helburuz musika taldea utzi zuenean.
Bereziki neketsua izan zen Itsasoko Gizarte Institutuan ordenantza moduan lan egin zuen garaia, aldi berean Martiricoseko Merkataritza Eskolan idazkaritza ikasketak bukatu eta zentro horretan administratibo izateko oposizioak prestatu zituelako. Asko lan egin zuen, eta are gehiago ikasi, eta azkenean, azterketa gainditu zuen. Intentsitate handiko sasoia izan zen; goizean lan egin, arratsaldean ikasi eta amaitzean, gaua hasten zenean, musika taldearekin saioak egiten zituen. Asteburuak familiarekin igarotzen zituen, hainbeste miresten zituen gurasoekin, eta igandeko mezara joaten zen; batzuetan ere, festetan jotzen zuen. Urteak pasatu arren, José Maríak ez zituen inoiz erlijioari buruzko ideiak aldatu, eta zentzu horretan ezerk ez zion bere gurasoen bihotzetik ikasitako guzti hori galarazi.
1976an ezagutu eta hiru urte beranduago ezkondu ginen San Vicente de Paúl elizan, irailaren 15ean. Pozarren atera ginen elizatik eta hastear zegoen abenturagatik ezin zoriontsuago. Gaur esan dezaket, hainbeste urteren ondoren, elkarrekin igaro genituen egunetako bakoitza esperientzia ikaragarria izan zela.
Gamarra auzoan bizitzea erabaki genuen, bere gurasoen eta Ángelen (bere anaia) etxetik hurbil. Denborarekin, nire neba-arreba eta gurasoak ere inguru honetara mugitu ziren.
Ezkondu eta hiru urte beranduago gure alaba ederra jaio zen, María José, fisikoa eta izaerari dagokionez bere aita bezalakoa zena. Momentu hartan José María munduko gizonik zoriontsuena zen.
Gizon ona izan zen beti eta oso erraza zen berarekin ados egotea, adeitasunaren dohaina zuelako, besteak maitasunez betetzeko ezaugarri berezi hori. Bestalde bere izaera barea eta zuzenari esker, lasaitasuna ekartzen zuen bere ingurunera eta edozein egoeratan arazorik ez egotea lortzen zuen, Limoneroko presa gainbeheratzen ari bazen ere, eta hori ez zen huskeria...
Zurgin edo bestelako gremioko langileren bat kontratatu baino lehen, etxeko konponketak berari egitea gustatzen zitzaion, erreminta kutxarekin oso mainatsua baitzen. Agian horrek ere bere gogo-aldarte pazientearekin zerikusia zuen. Horregatik bizi gara oraindik etxe berdinean, José Maríarekin hainbeste urtez konpartitu genuena. Denak hitz egiten digu berataz. Edozein txokotan bere konponketen apartekotasunarekin topo egiten dugu, edozein konponbideren arrazionaltasunarekin, olio teknikarekin margotutako koadroekin… Bere eskulana leku guztietan bizirik dago eta berarekin, bere oroitzapena eta gureganako izugarrizko maitasuna...
Eta oso dibertigarria zen. Giroa alaitzen zuen, eta era naturalean egiten zuen gainera, ez zuen algara handirik sortzeko beharrik gure bileretan gatza jartzeko.
Laurogeita hamarreko hamarkada erdian izan zen berarekin administrazioan lan egiten zuen Alderdi Popularreko lagun batek besteak laguntzeko bere bizitza konplikatzera animatu zuenean. Helburua malagarren bizitza hobetzea zen, biztanleak zuzenean eragiten zituzten gauza horientzako konponbide politikoa bilatuz. Jarduera bizkorra behar zen hirugarren adineko behardunenei bizilekua emateko, hiriko eremu batzuetako saneamendua hobetzeko, kaleak garbitzeko eta hiriko hainbat eta hainbat kontu gehiago konpontzeko. Baietz esan zuen; izan ere, beti gustatu izan zitzaion zeregin praktiko eta erabakitzaileetan esku hartzea.
Hasiera batean asko harritu ninduen nire senarra alderdi politiko batean esku hartzen ikusteak, momentu horretara arte inoiz ez baikenuen zentzu horretan adierazpenik egin. Ez genuen inon militatzen eta gure alaba ere ez zen inolako gazte erakunderen kide. Familia arrunta ginen, ideia sozial kontserbadoreak dituen familia baten jarrera tipiko eta normalarekin, bizitzaren abenturan eta gure herri eta nazio handiaren garapenean alboan zeuden horientzako hoberena besterik nahi ez zuena. Baina, jakina, hasieran bere aisialdian bilera batzuetan besterik parte hartzen ez zuen arren, laster konpromiso pertsonal irmoa hartu zuen proposatzen zituen konponbideekin. Eta batzarren batean bere iritzia ematetik Alderdi Popularreko kide aktibo izatera pasatu zen, bere esku hartzearekin Malaga hobea eraiki zitekeela ikusten zuelako. Oso lan ona egin zuen eta bere kide berriek José María ausarta eta eraginkorra zela ikusi zuten. Hortaz, 1995ko hauteskundeetan Alderdiaren udal hautagaitza gizentzea proposatu zioten hamaseigarren postua hartuz, zerrenda betetzeko helburu hutsarekin. Posturik lortzeko xederik ez zuenez, ideia ona iruditu zitzaion.
1997an, Juan Manuel Moreno Bonilla, legealdi horretan zinegotzia zena, Andaluziako Juntara mugitu zen eta José Maríak bere lekua hartu zuen. Horrela, hurrengo hauteskundeetan (1999) hautagaitza errepikatu zuen eta Udaletxean zinegotzi bezala lan egiten jarraitzeari zer generitzon galdetu zigun. Ondo iruditzen zitzaigula esan genion, ilusio handia zuela ikusten baikenuen. 2000 urtean Celia Villalobos alkatea Osasun Ministro bihurtu eta Aznarren gobernu taldera pasatu zen, Francisco de la Torre egungo Malagako alkateari lekukoa utziz.
Orduan, nire isiltasunaren sakontasunean kezkaren itzala piztu zen. Izan ere, ezkondu eta urte batera nire aita, guardia zibila zena, Donostiako Intxaurrondo kuartelera bidali zuten, ekintza terrorista ugari egon zen lekua. Eta nire senarraren jarduera politikoak urduritasun hori gogora ekarri zidan urteak pasa eta gero.
1995ko urtarrilean Gregorio Ordóñez hil zuten, 1997ko uztailean Miguel Ángel Blanco gizajoa, abenduan José Luis Caso eta 1998ko urtarrilean Sevillan Jiménez Becerril bikotea. Hilketa guzti hauengatik min ikaragarria sentitu genuen. José María eskolta batekin bizi behar izan zuen terroristek su-etena deklaratu arte. Bitartean nik nire barnerako pentsatzen nuen terrorismoa Málagara iritsi ezin zela, Espainiako beste hiriburuen aldean oso garrantzi txikia zuelako.
Noizbait gertatzen ari zenari buruz hitz egin genuen, baina esaten dudanez guztiz ziur geunden ezer txarrik gertatuko ez zitzaigula. Hala ere, ezinbesteko segurtasun neurriak gordetzen genituen, kotxe azpian lehergailurik ba al zegoen begiratzea, adibidez.
José Maríak bitartean poz-pozik jarraitzen zuen udalbatzan lanean. Denbora tarte horretan, 1997tik aurrera, Puerto de la Torre eta Carretera de Cádiz-eko Juntaren presidentea izan zen (azken hau Malagako barrutitik jendetsuena ehun eta berrogei mila pertsonekin). Era berean, komisio garrantzitsu ugariren kide izan zen: Hirigintza, Etxebizitza, Trafiko, eta abar. Etxera berandu iristen hasi zen, bere eginkizunek denbora gehiegi kentzen ziotelako eta beti itxaroten genion, nekearen ondorioz gure alabak maiz loak hartzen zuen arren. Orduan bere logelan sartu eta isiltasunean muxu bat ematen zion, samurtasunez, segundo batzuez begiratzen zuen bitartean; gero atea itxi eta bera ere atseden hartzera joaten zen.
1997tik hil zuten arte besteen alde lan egiten aritu zen. Tarte horretan, Udaletxean ezkontza zibil mordoren lekuko izatea tokatu zitzaion. Ezetz esaten ez zekienez, bere lanalditik kanpoko ezkontza ugariez arduratu behar izan zen, baina beti pozik egin zuen, nahiz eta bere erlijio ideien aldetik edozein ezkontzaren lekukoa apaiz bat izatea nahiago izan. Kontu honetan gainontzekoetan bezala, oso errespetutsua izan zen besteen ikuspuntuekin; besteen ideiak berarenak bezain baliozkoak zirela uste zuen, betiere eskubide zibilak errespetatzen bazituzten. Ezkontzak beti asteburuetan egiten ziren eta maitasun handiz prestatzen zituen. Zeremonian gure literaturaren klasikoren batetik harturiko hitz politak irakurtzen zituen, ezkonberriek hasiko zuten bizitza komunarekin lotuta. Eta amaieran, zeremonia bukatzen zenean, Udaletxetik atera eta gure bila etortzen zen, guztiok batera gure gurasoak ikustera joan eta asteburuaz gozatzeko.
Horrelakoa izan zen gure bizitza, normala eta sinplea. Samurtasunez gogoratzen ditugu familia-txangoak, udako oporrak Mallorkan eta nire neba eta euren seme-alabekin Ciudad Jardín polikiroldegian ikusten genituen Malagako Saskibaloi Taldearen partidak. Beste hirietara ere joan ginen gainerako zaleekin taldea animatzeko. Horregatik, bere izena jarri zioten beranduago inauguratu zen kiroldegi berriari, malagarren memorian gera dadin.
2000ko uztailekoa oso arin gertatu zen. Etxean Udaletxeko kotxe bat zegoen gure zain, José María ekitaldi instituzional batera eramateko. Autora igo baino lehen, pertsona bat hurbildu zitzaion eta bere aurka tiro egin zuen hainbat aldiz. Broma bat zela pentsatuz, errieta egin nion. Nire alaba eta biok dena ikusi genuen. Benetako egoeraz ohartu nintzenean, alaba bistaz galdu nuen. Beldurrak hartuta, autoen artean ezkutatuta zegoen. Eta horrela izan ginen izua, ikara eta ezintasunaren lekuko, nire senarraren bizitza zurrustaka ihes egiten zuela ikusten genuen bitartean, ezer egin ahal izan barik. Eta horrela, bere auzokideen alde lan egiteagatik, hil egin zuten euskal hiltzaile nazionalistek.
Hileta eta malagarrek hilketa gaitzesteko egindako manifestaldiaren ondoren (bizi naizen bitartean eskertuko dudana), isiltasuna iritsi zen, hutsune existentzial batean hondoratu ninduen min jasanezina, askoren laguntzari esker urteekin gainditzen noana. Hiltzaile baten borondatez José María gurekin gehiago izango ez zela pentsatzea jasanezina egiten zitzaidan, ezin nuen ulertu.
Bere bizitza eta alaitasunarekin gure bizitza betetzen zuen. Horregatik ez dugu etxe honetatik alde egin, txoko bakoitzak bere oroimenera eramaten gaituelako.

PP | PP VASCO |

Copyright © 2016. Todos los derechos reservados.Fundación Popular de Estudios Vascos